MUSIKA

Mixel Etxekopar eta Pierre Vissler, Ertz jaialdian

Ertz Beste Musiken Jaialdiaren 15. edizioa bihar hasiko da, irailak 12, Beran, eta igandera arte, makina bat soinu eta inprobisazio bilduko ditu jaialdiak.

Bihar bertan, Mixel Etxekopar eta Pierre Vissler arituko dira, Berako Kultur Etxean, 20:30ean. Bi musikariek Zuberoan XX. mendean jasotako grabazio zaharrenak izango dituzte abiapuntu Beran egingo dituzten saioan.

Etxekopar Gotaine Irabarnen jaio zen eta bertan bizi da. Goi kontserbatorioan ikasi zuen musika. Antza, bere prestakuntza Zuberoako mendietan, artzainen artean, jaso zuen. Duela 30.000 urte jada entzuten zen Izturitzeko xirularen tradizioa jarraitzen du eta berriztatu ere. Arte sorkuntzari eskainitako Zuberoako Xiru jaialdiaren sortzaile eta antolatzaileetako bat da. Vissler, berriz, aktorea da, zuberotarra bera ere.

Emanaldia hori amaitu eta gero, 22:00etan, Iñigo Ugarteburu DJ arituko da. “Folk amerikarretik eta minimalismotik aldi berean edaten du eta musikari izaera berezia dario, begirada zehatz-mehatz non jarri jakinik, pausuetan jolasten dakienaren izaera”.

Larunbatean, egitaraua 11:00etan hasiko da, Mugako Bidea mendi-ibilbidearekin. Gero, arratsalde partean, 16:00etan, Maushaus umeentzako tailerra izango da. 17:00etan, berriz, Inaxio Lopez Aranak Euskal grabaketa zaharrenak izeneko hitzaldi-entzunaldia zuzenduko du, Beralandeta espazioan. Azkenik, 22:00etatik aurrera kontzertuak hasiko dira Berako Kultur Etxean: Iñigo Ugarteburu, Diana Combo Eosin (inprobisazioa eta landa-grabaketak) eta Ghédalia Tazartès frantziarra (musika konkretua, etnikoa, soinu-collageak…).

Igandean, Cucinema (zine, doinu, jana eta besta), 11:00etan, Altzateko frontoian.

Informazio gehiago: ertza.net.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button