
Arte Sorkuntzarako Daniel Txopitea Beka aurkeztu zuen Zarauzko Udalek iragan astean, artista zarauztarraren oroimenez; Zarauzko artista gazteei dago zuzenduta.
Egitasmo bat epe zehatz batean gauzatzea da lehiaketaren xedea. Hala, partaideek edozein diziplina artistiko jorra dezakete (diseinu grafikoa, moda diseinua, pintura, bideogintza, eta abar), eta egitasmo irabazleak 3.000 euroko laguntza izango du. Proiektu horren iraupena gutxienez hiru hilabetekoa izango da, eta gehienez seikoa; hau da, 2012ko abenduaren 1etik 2013ko maiatzaren 31ra arte.
Lehiaketan parte hartzeko ondokoak aurkeztu beharko dira: CVa; proiektua originala dela aitortzen duen zinpeko dokumentua; eskatzailearen obrarik berrienaren argazki-bilduma, eta Zarautzen erroldatua dagoenaren ziurtagiria. Eskaerak aurkezteko epea deialdia GAOn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita 30 egunekoa izango da.
Bekarekin loturiko xehetasun guztiak kulturazarautz.org webgunean jasotzen dira.