MUSIKA

Xabier Montoiak Bilboko Euskararen Etxean joko du

Bihar, osteguna, maiatzak 21, Bilboko San Inazio auzoan dagoen Euskararen Etxean, Pop Pilulak pop kulturari buruzko euskarazko fanzinearen laugarren alea aurkeztuko da, 19:00etan. Bada, aurkezpen horrekin batera, hain gutxitan ikusteko aukera izaten den Xabier Montoia idazle eta musikariaren kontzertua izango da. Montoia, Ibon RG (Eten) musikari sestaoarrarekin arituko da, formatu txikian.

Xabier Montoiak 2011n argitaratu zuen azken lana, tarte luzez musikatik aldenduta egon ostean, Montoiaren mundu miresgarria (Bidehuts). Disko horren aurretik, Ni ez naiz Xabier Montoia (Metak, 2002) plazaratu zuen. Bi disko horien artean, Deus guti izeneko grabazioa argitaratu gabe gelditu zen. Disko hori elektronikan oinarrituriko grabazio erritmikoa izan zen; Bidehutsen markarekin kaleratu berri den honek, ordea, kutsu klasikoa du eta ez da baxuaren ezta bateriaren arrastorik entzuten.

Montoiaren mundu miresgarria diskoko kantuok grabatzeko Montoiak Maite Arroitajauregi (Mursego) eta Ibon Rodriguez (Eten, Le Noise) musikariak izan zituen aldamenean. Lehenengoak biolontxeloa, melodika, eta pianoa jo zituen; bigarrenak, berriz, pianoa, gitarra, eta kalinba. Ahotsak ere sartu zituzten biek ala biek.

Diskoa akustikoa baino organikoa dela esan zuten aurkezpen-ekitaldian, kantuak biluztuz eta konponketei muzin egin gabe. “Beti kantuaren alde egin dugu, eta ez musikarien edo ekoizpenaren alde. Kantu bakoitzak ezinbestean behar zuen osagaia gorde dugu, eta gainerakoa bazterrean utzi”, esan zuen Montoiak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button