ARTEA

“Begira Photo” jardunaldiek mendia ikertuko dute

Gaur, urriaren 26an, abiatuko da Begira Photo, Argazkilaritza Garaikidearen Nazioarteko Festibala. Festibala Bilboko, Durangaldeko eta Zarautzeko kultur guneetan garatuko da, eta zazpigarren edizio honen barruan, mendia izango da ardatza.

Azaroaren 18an amaituko da mendia protagonista izango duen Begira Photo Argazkilaritza Garaikidearen Nazioarteko Festibalaren zazpigarren edizioa. Aurten, erakustareto gehiago izango ditu, lau, eta Argazkigintzaren sorkuntzarako I. Begira Photo Sariaren irabazle Jon Gorosperen lana ikusi ahalko da. Halaber, Fernando Maselli, Martín Rueda, Carla Andrade, Moreno & Grau, Davide Maria Ferrari, Patricia Bofill, Marco Miranda eta Xavier Martín argazkilarien lanak izango dira ikusgai.
Bestalde, zazpigarren edizio honetan, badaude berrikuntzak: Festibala Bilbora iritsiko da, BilboArte Fundazioan argazkilaritza garaikideari buruzko hitzaldi-zikloa emango baitute; bestetik, argazkigintzaren sorkuntza eta zabalkundea bultzatzen dituzte sari bi sortu dira, eta amaitzeko, Begira Photo Magazina jaio da. 

Erakusketez gain, argazkilaritza ardatz izango duten jardunaldiak ere abiatuko dituzte. Bertan honako artistek parte hartuko dute: Bego Antón bilbotarra (duela gutxi PhotoEspañako Errebelazio Saria jaso du), Francisco Baena, Mónica Lozano eta Juan Peces. Aipatutakoez gain,  Sema D’Acosta komisario independentea Norantz doa argazkigintza? solasaldia gidatuko du.

Aurten, lehen aldiz, sari bi eman dira argazkigintzan egindako sortze eta ikertze lanak aitortzeko. Lehena aipatu dugu, Jon Gorospek jaso du N. Mountains lanagatik eta, bestetik, Saiakeren Saria Alejandro León Cannockek jaso du El devenir imagen del mundo. Anotaciones sobre la revolución fotografica lanagatik.

N. Mountains Iparretik 60º-tik gorako mendi inguruetako paisaiak ikertzetik sortu den proiektua da. Lanak eskandinaviar izaeren analisia planteatzen du, irudi sorta biren arteko elkarrizketa irudikatzen du. Alde batetik, espazioak deskribatzen dituzten argazkiak dira eta, bestetik, iparraldeko argia biltzen duten hartualdi sortak, zeinek mito emozional gogorarazten duten eta, horren bidez, aurreko agertokiak irakur daitezkeen. Munduaren irudikapen sinesgarria egiteko interesetik aldenduta, Gorosperen lanaren ardatzak kode estetikoen sorta batek osatzen du, ikusleek paisaiarekiko esperientzia bat izaten laguntzeko. Halaber, edertasunaren maila estetikoa gaindituz, sublimeak ikararen antzeko emozioa eragiteko gaitasuna izatea lortu nahi du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button