
Bilboko Udalak antolatutako FANT Fantasiazko Zinemaren Jaialdiak bere 31. edizioa ospatuko du, eta bere Sail Ofizialean 19 film eta 30 film labur proiektatuko dira Campos Eliseos Antzokian, Cines Golem Alhóndigan eta BBK Aretoan.
Betiko legez, jaialdiak, hainbat sari entregatuko ditu. Aurten, Eva Llorachek Ohorezko FANT saria jasoko du, Daniel Monzón eta Saturnino Garcíarekin batera. Alice Lowe aktore, zuzendari eta gidoilari britainiarrak Fantastikoaren Izarra Saria jasoko du BBK Aretoan maiatzaren 9an egingo den itxiera ekitaldian, eta zuzendariaren Timestalker filma ere pantailaratuko da. Eta FANTrobia saria Enrique Buleo zuzendariari emango zaio.
Maiatzaren 2an, asteazkena, FANTek bere ateak zabalduko ditu Campos Eliseos Antzokian. Babak Anvar zuzendariaren Hallow road film berria estreinatuko du Estatuan. Thriller psikologikoa da, eta, besteak beste, Rosamund Pike eta Matthew Rhys ditu protagonista. Ondoren, 22:30ean, FANT Laburrean-Euskal Filmak sailaren 10 film labur proiektatuko dira.
Zinemaldi Fantastikoaren lehiaketako Sail Ofizialak programazio anitza eta mardula aurkezten du berriro, azpigeneroei eta filmen jatorrizko herrialdeei dagokienez. Hautatutako 19 filmak Azkuna Zentroa-Alhondiga Bilbaoko auditorioan eta Golem Alhondiga zinemetan proiektatuko dira.
Film Laburren Sail Ofizialak 30 lan proiektatuko ditu aurten, hamar euskal film laburrei eskainitako saioan, beste hamar nazioarteko film laburren zikloan eta beste horrenbeste, Panorama Fantástico en Corto sailean.
Ikus-entzunezko sorkuntza babestea da Fantasiazko Zinema Jaialdiaren helburuetako bat, bereziki euskaraz egindako lanak, horregatik, FANTek bigarren urtez bultzatzen du euskarazko fantasiazko film labur bat ekoizteko proiektuak sustatzeko deialdia. Hala, aukeratutako proiektuek 5.000 euroko saria jasotzeko aukera dute.
FANTeko maisuak saioak Carlos Enrique Taboada zinemagileari eta Terry Gilliam aktore eta zuzendariari eskainiko zaizkie. Era berean, Amicus ekoiztetxe britainiarrari omenaldia egingo zaio Freedie Francisen eta Roy Ward Bakerren proiekzioekin.
Órbita Fant, Dokufant eta Proiekzio Bereziak sailetan ere makina bat film ikusteko aukera egongo da.
FANTen edizio bakoitzean fantasiazko zinemako pertsonaiarik mitikoenak nabarmentzen dira, eta aurten Leatherface da, La matanza de Texas filmeko protagonista.
Gozatu beldurrarekin!!



