MUSIKA

Asteburu musikala izango da Gernikan

Gaur eta bihar, kontzertu interesgarriak ikusteko parada izango da Gernikako Astran eta Trinkete Antitxiokon, hurrenez hurren. Hala, gaurko Astrako emanaldia doinu tropikalen inguruan ardaztuko da, Bilbomatiks eta MG Banda ska taldeek joko baitute, Gernika Rotabator Ska lelopean, 22:00etatik aurrera. Kontzertuen ostean, DJk arituko dira gaua girotzen Ospa tabernan.

Iaz argitaratu zuen Bilbomatiks taldeak bere lehen disko homonimoa. Ska klasikotik edaten duten bederatzi kantu bildu dituzte, euskaraz abestuak; halere, bestelako estilo beroen zertzeladak ere sumatzen dira, tartean, rocksteady, skinhead reggae eta dub. Taldearen bandcamp webgunean jasotzen denez, “Jamaikan 60ko hamarkadan suertatu zen iraultza musikalari eta politikoari jarri diete arreta, eta ildo horretatik jo nahi izan du Bilboko taldeak”.

MG Banda, berriz, Arratia inguruko reggae-ska taldea da. 2011n, haien estreinako maketa grabatu zuten, Materia Gris, eta iaz bederatzi kantuko albuma plazaratu zuten. Taldearen arabera, “(kantu) denak gure estiloaren barruan, baina barietate itzelarekin”.

Los Misterios eta The Loon Vagos Trinkete Antitxokon

Bihar, halaber, Los Misterios eta The Loon Vagos taldeek joko dute Trinkete Antitxokon, 21:30ean. Los Misterios taldeak 60ko rock estiloak txikitzen ditu: surf, garage-rock, B Saileko filmen estetika… Bestalde, The Loon Vagos Urdaibai inguruko banda da, eta rock’n’roll instrumentala jotzen du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button