ARTEA

“Errefuxiarte”, Gasteizen

Gasteiz Irekia elkartea pertsona migratzaile eta errefuxiatuen aldeko herritarron ekimen bat da. Plataforma horren bidez Gasteizen Errefuxiarte proiektua sortu da,  eta bertan “agerian utzi eta salatu nahi dugu migratzaileen eta babes eskatzailen egoera bidegabe eta jasanezina, Europako mugetan eta munduko beste leku batzuetan bizi dutena”.

Proiektuan inguruko artista talde bat aritu da, bai eta kultura eta artearen beste arlo batzuetako pertsona asko ere, eta hala sortu da hainbat lan artistikoz osaturiko erakusketa ibiltaria, hiriko hainbat txokotan ikusiko dena. Orain, Judimendin Gizarte Etxean ikus ahal da otsailaren 28ra bitartean. Gero Ibaiondo (martxoaren 1etik 15era); Pilar (martxoaren 16tik 30era); Hegoalde (martxoaren 31etik apirilaren 12ra); Salburua (apirilaren 13tik 25era) eta Iparralde (apirilaren 26tik maiatzaren 15era) Gizarte Etxeetan izango da.

Gasteiz Irekia elkartearen hitzetan, “Gure helburua da Vitoria-Gasteiz herritar guztien eskubideekiko hiri ireki, eroso eta begirunezkoa izatea, herritarren jatorria edozein dela. Herritar guztioi gonbitea egin nahi dizuegu pertsona guztien giza-eskubideak errespetatu eta aldarrikatzeko eta halaber, gobernuei laguntza eskatzeko, munduan gudak eta pobrezia desager daitezen”.

Artista kolektiboak ere honela azaldu du bere eginkizuna: “Gu artistak gara, eta sorkuntza mobilizatzeko tresna izan daitekeela pentsatzen dugu, alienatzeko erabili ordez askatzeko izan dadin”.

Informazioa, poemak, irudiak eta testuak hemen dituzue, ikusteko eta irakurtzeko.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button