BESTELAKOAK

“Botere handi batek” komikiaren aurkezpena, Bilbon

Larunbatean, hilak 22, goizeko 11:30ean, Botere handi batek komikiaren aurkezpena egingo du Iban Zalduak Bilboko Joker komiki dendan. Oraingo honetan,  Xabier Landabidea eta Ana Morales izango dira idazlearen ondoan.

Hainbat tokitan egin dira lana horren aurkezpenak, tartean Durangoko Azokan.
Komikian super-gizakiak euskal gatazkan nahastu zireneko garaiak kontatzen dira, baina orain, gauzek okerrera egin dute gurean. Horrexegatik, Fisio, Fusio, Depresore, Lady Toledo, Barrenero, Atari, Zatiki, Porlana eta Makadama, besteak beste, irtenbide bat aurkitzen saiatuko dira, nor bere modura, gure historia hurbilaren labirintoan zehar.

Julen Ribas Sasiain arrasatearrak ilustratu du modu bikainean lan hori. Ribasek txikitatik erakutsi zuen marrazketa eta arte ederretarako dohaina. Ikasketak bukatzean, freelance jarri zen, eta ordutik ilustratzaile lanetan aritu da, gehienbat Euskal Herriko eta Frantziako Estatuko argitaratzaileentzat. Bere lan ugarien artean, ilustrazio lan ederra aipa daiteke: Eider Rodriguezen Santa Familia eta Iban Zalduaren Azken garaipena lanetan, Euskadi Sariaren irabazleak  direnak Haur eta Gazte Literatura kategorian.

Iban Zaldua idazle porrokatua da eta eleberria eta kritika landu ditu, baina batez ere, ipuingile bikaina da, bai eta musikazale eta komikizale handia ere. Etorkizuna ipuin bildumari esker 2006ko Euskadi Saria Euskarazko Literaturari irabazi zuen. 2012ko Euskadi Literatura Sarietan, berriz, Haur eta Gazte Literaturari zegokion garaikurra eskuratu zuen Azken garaipena (Ikastolen Elkartea, 2011) komikiari esker.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button