
Helena Goñi, Daniel Llaría eta Izaro Ieregi artisten artelanekin osaturiko Bosteko erakusketa ibiltariaren hogeita laugarren edizioa Getxora heldu da eta bertan egongo da ikusgai azaroaren 20ra arte.
Bosteko 2021 erakusketa ibiltariaren hogeita laugarren edizioak Zure gorputzaren agerpenak liluratua deituriko erakusketa bildu du. Praktika artistiko garaikideak ikusgai jarri nahi ditu ekimenak eta bide batez, ospe handia duten artisten lanak ere erakutsi.
Helena Goñi artistak “beste batzuen eskutik bere eguneroko pertsonala sortzen du. Bere itxaropenak zein porrotak eta bere belaunaldiko desioak zein desengainuak ateratako argazkien bidez uztartzen dira”. 2013. urtean graduatu zen Arte Ederretan (EHU). Duela gutxi New Yorken bere ikasketak luzatzeko Fullbright beka jaso du. 2016an Ertibil deialdiko hirugarren saria eskuratu zuen, eta 2020an, berriz, lehen saria.
Daniel Llariak bere eskultura zein bideotan “begiradaren politika, ikustea eta ikustaraztearen sistema, klase borrokaren ikuspuntutik jorratzen da.” 2009. urtean Arte Ederretan lizentziatu zen (EHU) eta Fullbright beka bati esker Parsons-The New Schoolen (New York) egin zituen masterreko ikasketak. 2018an eta 2020an, Ertibil deialdiko hirugarren saria jaso zuen.
Izaro Ieregi artistaren piezak “gorputzaren osagarri batetik eskulturara igarotzen diren objektuak eraikitzeko ideiatik sortu dira. Gorputzetik objektura eta kontrako noranzkoan igarotzearekin temati saiatuz eta uneoro eskultura baten eraiketaren ariketan pentsatuz, gorputz ariketa bat balitz bezala.” 2010. urtean Arte Ederretan lizentziatu zen (EHU). Bere ikasketak luzatu zituen JAIn (Jardun Artistikoen Institutua) eta gaur egun DAI programan dago (Dutch Art Institute). 2018an Ertibil deialdiko bigarren saria eskuratu zuen, eta 2019an, berriz, hirugarrena.
Erakusketaren hirugarren geldialdia Romo Kultur Etxeko erakusketa aretoan izango da azaroaren 20ra arte. Amorebieta-Etxanoko Zelaieta Zentroak erakusketa hau azaroaren 23tik abenduaren 13ra bitartean hartuko du eta azkenik, erakusketa ibiltariak Kultur Leioan amaituko du bere ibilbidea abenduaren 15etik 2022ko urtarrilaren 8ra bitartean.



