
Gaur berton aurkeztu dute Amorebieta-Etxanon abiatuko den Bosteko 2017 erakusketa ibiltaria. Iker Serrano Roblesek komisariaturiko erakusketan, Damaris Pan, Usoa Fullaondo eta Tasio Ardanaz artisten lanak ikusi ahalko dira. Ekimenaren hogeigarren edizioan, Bizkaiko bost udalerritara (Basauri, Leioa, Arrigorriaga, Amorebieta-Etxano eta Getxo) helduko da bertoko artistek eginiko arte garaikidea.
Trantsizio-guneak, pinturaren lurraldeak lemapean zabalduko da erakusketa, Bizkaian hezitako artisten lan artistikoaren zabalkundea egin eta era berean bertoko ehun artistikoa indartuko duena. Artistek lan batzuk sortu dituzte propio erakusketarako, edo azken boladan lantzen diren beste batzuk egokitu. Hortaz, erakusketan askotariko lanak egin dituzte gai berberaren inguruan, eta hainbat teknika erabili dituzte: “paper eta mihisearen gainean, paretaren eta zoruaren artean, azalaren eta objektuaren artean; olioa eta mihisea, esaterako”.
Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako foru diputatuak adierazi duenez, “bertoko arte-sorkuntza bultzatu gura dugu Bizkaian, eta horretarako, hogei urte bete dituen ekimen honen bidez, lortu dugu erakusketa ibiltaria izatea, erakundeen arteko elkarlana sustatzea eta Bizkaiko talentu artistikoari laguntzea”.
Diogun bezala, erakusketa gaur berton, irailaren 7an, inauguratuko da Amorebieta-Etxanon, eta gero Arrigorriaga, Basauri, Leioa eta Getxon egongo da ikusgai.
Artisten gaineko informazioa hemen eskuratu ahal duzue.