IKUS-ENTZUN

Nafarroako Gobernuak hamalau ikus-entzunezko lan finantzatu ditu

Nafarroako Gobernuak, INAAC Fundazioarekin lankidetzan, ikus-entzunezko lanak ekoitzi eta garatzeko laguntzen aurtengo deialdia erabaki du. Orotara 14 lan finantzatu ditu, eta laguntzak bi ataletan banandu ditu: film laburrak eta iraupen erdikoak, eta film luzeak.

Film laburren eta iraupen erdikoen atalean, orotara zortzi lan finantzatu ditu Nafarroako Gobernuak, eta guztira 100.000 euro inguru bideratu ditu.

Hauexek dira diru-laguntza jaso duten lan batzuk: Francisco Urizek 30.000 euro jasoko ditu Navazonia izenburuko iraupen erdiko dokumentala egiteko, Brasilgo oihanera urtero joan ohi den Diego Arreguiren istorioa kontatzen du; Visual Comunicación etxeak, halaber, beste 30.000 euroko diru-laguntza hartuko du iraupen erdiko Proyecto X lana ekoizteko, José Luis Pimoulierek zuzendutako dokumentala da, eta X Films kultur ekimenaren ingurukoa; azkenik, Julia Juánizi 17.600 euroko diru-laguntza eman diote, iraupen erdiko El lenguaje de los objetos filma egiteko, Marijose Recalderen lan artistikoa du ardatz.

Film luzeei dagokienez, 85.000 euro inguru banandu ditu Nafarroako Gobernuak sei proiekturen artean. Honatx horietako batzuk: Cronopia Films etxeak 20.000 euroko diru-laguntza jasoko du Blue Lips film luzea filmatzeko, pelikulak jende talde bati eragiten dion drama du ardatz; Bowfinger ekoiztetxeak, halaber, 18.000 jaso ditu Asier Andueza nafar zinemagilearen Zoe, mi amor film luzea egiteko; amaitzeko, Orio Produkzioak etxeak 17.750 euro jasoko ditu Imanol Rayoren bigarren film luzea gauzatzeko, Right in the world.

Film guztien zerrenda eta bestelako zehaztasunak INAAC Fundazioaren webgunean jasotzen dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button