MUSIKA

Oskarbi taldearen kontzertua Arriaga Antzokian

Oskarbik, euskal folk talde ospetsuak, Kantua zueri izeneko lan berria aurkeztuko du gaur, abenduaren 13an, Arriaga Antzokian Literatura eta Musika Euskaraz ekimenaren baitan, 19:30etik aurrera

Kantua zuei da banda historiko honen disko berria, azken bi urteotan sukaldean presarik gabe ondua. Guztira, 13 pieza grabatu dituzte, gehienak azken urteotan Oskarbiren entsegu-faktorian sortuak. Taldeko kantu-sortzaileek egindako melodia soilak talde-lanean aberastu dituzte gero, ahots-harmoniak eta musikak gehituta. Gainera, Oskarbiren lau abesti Loinatz Abesbatzarekin grabatu dituzte, horien artean beraien errepertorioaren parte diren Esperantzari eta Mendira naiz.

Betiko moduan, taldeak musika moldaketa ederrak eta ahots harmonia zainduak konbinatzeko duen dotoretasuna eta fintasuna erakutsiko ditu.
Eta esan dugun moduan, kontzertua Arriaga Antzokiak eta Bilboko Udaleko Euskara Sailak bultzatutako Literatura eta Musika Euskaraz programaren baitan dago.

Datozen egunotan ere egongo da zer ikusi. Hurrengo egunean, hilaren 14an, BJC Arriagan zikloa itzuliko da, Bilbaina Jazz Clubek eta Arriaga Antzokiak antolatuta, Marcos Varelaren emanaldiarekin. Asteazkeneko proposamenean Rossini Abesbatza Arriagara itzuliko da Gabonak aurreratzeko, Rossini On Air: Christmas Edition bereziarekin.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button