
Literaktum jaialdiaren hamahirugarren edizioa egingo da maiatzaren 8tik 23ra bitarte Donostian. Euskal literaturak ordezkaritza nabarmena izango du bertan.
Hala, maiatzaren 9an, osteguna, Oier Guillanek Elkartasun Basatia poesia liburu berriaren inguruko errezitaldia egingo du 19:30ean Larratxoko Tomasene kultur etxean. “Elkartasun basatia poesia liburu bat da, baina teatroak bustita dator askotan. Dramaturgia eta poetika oso gertu ikusten ditut eszena garaikidean, eta hori bera esploratzea eta ikertzea interesatzen zait”, esan du Guillanek bere poemategi berriaren harira.
Maiatzaren 10ean, halaber, Itxaro Bordaren errezitaldia izango da Koldo Mitxelena kulturunean, 20:00etan. Egun horretan idazlea hiru musikariren laguntzarekin arituko da: Ogella Line, Itxaro Borda Quartet. “2008az geroztik dabil plazaz plaza Itxaro Bordak Ispazter eta Lagako hondartzen artean idatzitako poema hau, bi hizkuntzetan, euskaraz bistan dena, eta Mylène Charrieren ahotsez, fantsesez. Olivier Cavaliék, Ka-Ko ezizenez ezagunagoa, sortu zion musika apaindura, baxua ardatz, soinu elektronikoak ozen, tradizionala eta trash ohiturak uztartuz. Duela bi urte Beñat Axiariren Baionako Etiopikoak festibalaren karietara Pierre Thibaut bateria jole-tabalari anitza gehitu zitzaion hirukoteari”.
Maiatzaren 11n, larunbata, Ibilbide literarioa hirian zehar: Txillardegiren egunkari ezkutua izeneko jarduera izango da; hau da, Txillardegiren literatura ardatz duen ibilbide literarioa egingo da Donostian barrena Alderdi Ederretik hasita, 12:00etan.
Azkenik, maiatzaren 15ean, asteazkena, Miren Agur Meabek Kristalezko begi bat liburuaren inguruan hitz egingo du Donostiako Udal Liburutegi zaharreko sotoan, 19:30ean. Pintoreak autorretratua margotzen duen gisan idatzi du Miren Agur Meabek nobela hau, kristalezko ispilu berezi bati arretaz begira. Errealitatea eta fikzioa josiz eta urratuz sortutako kontakizuna da



