MUSIKA

Mc Enroe, Oldseed eta SieteC musikarien kontzertuak asteburuan

Getxoko Mc Enroe taldeak Will Oldham musikari estatubatuarraren kantuak gaztelaniara ekarriko ditu gaur Bilboko Off Arteria aretoan Izar & Star izeneko egitarauaren baitan.

Tenis mundutik musikaren esparrura salto egin duen Mc Enroe 2002. urtean sortu zen Getxon. Bi urteren ondoren El sur de mi vida izeneko estreinako lana argitaratu zuen eta hurrengo urtean, berriz, Trebol izeneko EPa. Horiez gain, beste bi disko argitaratu ditu eta egun, lan berria prestatzen ari da. Taldeak slowcore estilotik eta AEBetako musika tradiziotik edaten du. Izar & Star programan Will Oldham (Bonnie Prince Billy) musikariaren doinuak egokituko dituzte gaur gaztelaniaz. Emanaldia 20:15ean hasiko da.

Halaber, gaur, C.Bjerring (Oldseed) musikari kanadarra izango da Gasteizko Gora tabernan. Folk gitarra jotzaile bikaina da Oldseed, Nick Drake eta Jose Gonzalen erara. Bere azken lana 2010 urtekoa da, The Reveal hamar hazbetekoa, hain zuzen ere. Egun Europan barrena dabil eta uda iritsi baino lehen 100 kontzertu egingo ditu Kontinente Zaharrean barrena.

Azkenik, bihar Elgoibarko Kultur Etxeko sotoan Siete C taldeak joko du. Zortzi urteko lana egin ondoren, Raizdx talde donostiarra SieteC izenarekin itzuli da agertokira Familia euren estreinako diskoa aurkezteko asmoz. Grabazio honetan betiko sentiberatasunarekin eta indarrarekin agertzen da banda, musika estilo akustikoago baterantz abiatu den arren.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button