LITERATURA

Asteburu honetan hasiko da Literatur Amuak jaialdia

Ondarroako Udalak ekimenez beteriko Literatur Amuak jaialdia abiatuko du beste behin, urriaren 20tik azaroaren 2ra arte, eta aurten ere euskarazko sortzaileei plaza eskainiko zaie euren sorkuntzak haizatzeko. Denetarik egongo da, erakusketak, literatur solasaldiak, sari banaketak, musika eta bertso saioak.

Nabarmentzekoen artean, Juan Fernandez Egiguren argazkilariaren erakusketa dago: Ondarrutarrak bilduma. Horixe zabalduko da gaur berton, baina jaialdiak jarraipena izango du datorren astean makina bat konturekin. Adibidez, urriaren 27an, barikua, 19.00etan, literatur saio musikatua izango da Kofradia Zaharrean. Bertan Iñar Sastre musikaria, Ane Etxegoien abeslaria, Joseba Sarrionandia eta Joxemari Iturralde idazleak arituko dira. Eta hurrengo egunean, Kofradia Zaharrean ere, Ondarroako lehenengo andra-gizonen bizipenak kontatuko ditu Josu Arrizabalaga adituak. Igor Elortza eta Rafa Rueda bikoteak Anonyme popular egingo dute, eta musikari dagokionez, Keu Agirretxea Judit Nedderman abeslari eta konpositore kataluniarrarekin batera arituko da. Eta Arrainak Bihotzean, Leire Bilbao ondarrutarraren testuetan oinarritutako Mar-Mar taldearen ikuskizuna plazatako dute.
Literaturaren arloan, Nerea Ibarzabalen Bar Gloria nobelaz arituko dira idazlearekin eta Joxemari Urteagarekin batera.
Eta literaturarekin jarraituz, Augustin Zubikarai nobela proiektuaren sari banaketa ekitaldia egingo da Joxemari Urteagak eta Xabier Mendigurenek gidatuta. Gainera, iazko Augustin Zubikarai lehiaketako irabazle Patxi Zubizarretaren Gau otsoa nobelaren aurkezpena eta aurtengo irabazleari elkarrizketa egingo dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button