IKUS-ENTZUN

“Another Silence” filmak zabalduko du “Pre-Zinebi”

Santiago Amigo zinegile argentinarrak Another Silence filma aurkeztuko du gaur, azaroak 8, 20:00etan, Bilboko Campos Antzokiko Kupula Aretoan. Emanaldiak Zinebi jaialdiaren aurretik egingo den Pre-Zinebi egitaraua zabalduko du.

Filma thriller generokoa da, eta ondokoa kontatzen du: Torontoko poliziako emakume ofizial batek bere senarraren eta semearen hilketari buruz hasiko da ikerketa batean. Intriga handiko pelikula da.

Larunbatean, azaroak 9, 48 orduko Zinebiexpress lehiaketa egingo da: 48 ordutan errodatutako film laburren lehiaketa egingo da. Izen emateak egun berean egin ahal izango dira Campos Antzokiko atarian. Antolakuntzak DV zinta bat emango dio partaide bakoitzari, eta horiek 48 ordu izango dituzte euren proiektuak burutzeko. Proiektuak leku berean entregatu beharko dira, astelehenean, azaroaren 11n, arratsaldeko 18:30etatik 19:30etara.

Egun berean, Emakumeek egindako Zineari buruzko Bilboko Erakustaldia antolatu ohi duen Simone de Beauvoir talde feministak Margarita Alexandre zinegile kubatarra ekarriko du Bilbora, Ana Mariscalekin batera.

FAS Zine Klubak, berriz, Asier Altunak 2011n zuzendutako Bertsolari film luze dokumentala aurkeztuko du azaroaren 12an. Altunak eta Gaizka Bourgeaud argazki zuzendariak aurkeztuko dute emanaldia. Proiekzioaren ostean, bertso-saio ere izango da.

Pre-Zinebi egitarauaren itxieraz, azaroak 15, Bilboko film laburren jaialdi bizarroa antolatzen duen Caóstica Elkartea arduratuko da. Izan ere, Guataque Ninja arte martzialen zineari buruzko zikloa ondu du Caósticak.

Informazio guztia: http://www.zinebiexpress.com/eu/

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button