
Azkuna Zentroko Zinematekak ziklo garrantzitsu bat abiaraziko du gaur berton John Hustonen omenez. Zinema ziklo hori irailaren 14tik abenduaren 21era luzatuko da.
John Hustoni dedikaturiko zikloan bere filmografiatik ateratako 12 maisu-lan eder aukeratu dira. Antolatzaileen esanetan, “Hustonen obraren leitmotiva bizitza abentura bat bailitzan bizitzea da, funtsezkoa baita nork bere burua zein besteak eta mundua ezagutzeko. Haren ustez, gizonari bere buruari irri egiteko gaitasunarekin batera iristen zaio heldutasuna. Zinemagile existentzialista hori bere belaunaldiko idazle onenekin aritu zen elkarlanean, eta haien obrak egokitu zituen. Aktore gisa, hogei film baino gehiagotan parte hartu zuen, eta bigarren lanbide hori serio hartzen ez bazuen ere, gogoangarriak dira bere antzezpenak honako film hauetan: Kardenala (Preminger), Haizea eta lehoia (Milius), Lur basati bateko gizona (Sarafian), Chinatown (Polanski) eta Haizearen beste aldea (Welles)”.
The Dead, The Asphalt Jungle, The African Queen, Heaven Knows, Mr. Allison, Moby Dick, The Misfits, The Night of The Iguana, Fat City eta beste titulu gogoangarri batzuk ikusteko parada izango duzue abendura bitartean.
Noiz eta zer jakin nahi baduzue, begiratu hemengo programazioa.