MUSIKA

The Monsters suitzarrak, “Ur Beltz” jaialdian

Apirilaren 11n, Ur Beltz rock-and-roll jaialdia egingo da bigarrenez, Donostiako intxaurron Kultur Etxean, 22:00etatik aurrera. Oholtzan hiru talde izango dira: The Monsters suitzarrak, eta Lie Detectors eta Gora Gora Kids gipuzkoarrak.

The Monsters taldeak garage-rock eta rockabilly erritmoak uztartzen ditu. Reverend Beat-Man da talde-burua, eta bakarka ere aritzen da gizon-orkestra formatuan. Horretaz gainera, Voodoo Rhythm Records diskoetxea ere zuzentzen du abade erritmozaleak; hain zuzen ere, The Monsters laukoteak, zigilu horren bidez plazaratu du lan berri eta primitiboa, Pop Up Yours.

Euskal ordezkaritzaren harira, Lie Detectors Donostia inguruko zenbait musikarik abiatutako egitasmo berria da. Taldean, besteak beste, Nuevo Catecismo Catolicon eta Teen Dogs punk-rock taldeetan aritutako Eneko Etxeandia gitarra-jotzailea dago. Oraintsu, laster argitaratu den lana grabatu dute.

Azkenik, Gora Gora Kids euskaraz abesten duen garage-rock taldea da. Duela hilabete eskas, bigarren EPa argitaratu du, Jaiki eta Shake! (Blue Car Records).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button