
Ibaizabal argitaletxearen eskutik Aritz Mutiozabalek Bizikleta lapurtu didate! izeneko lana plazaratu du gaztetxoentzat.
Lan honetan ukitzen den gaia ez da nolanahikoa; Aneren bizikleta desagertu egin da. Norbaitek lapurtu dio. Batean zein bestean bilatzen aritu ondoren, Gobernuz Kanpoko Erakunde baten eskuetan dagoela jabetuko da. Baina beranduegi izango da. Erakundeak Afrikara bidali du, Gambiara. Bizikleta berreskuratzeko ahaleginean, eskaera formal bat idatzi eta gutun bidez bidaliko du Anek aitonaren laguntzarekin. Bueltan, Sarubak erantzungo dio, bere adin bereko neskatila gambiar batek. Anek bizikleta galduko du, baina lagun berri bat irabazi.
Aritz Mutiozabal Zabala Zarautzen jaio zen 1980an. Kazetaritzan lizentziatua da, eta gaur egun Urola Kostako Hitza egunkarian egiten du lan. Literatur munduan poesia landu du gehien bat: hainbat lehiaketetan saritua izateaz gain, Gorren dantzalekua poesia-liburua du argitaratuta Maiatz elkartearekin. Bizikleta lapurtu didate haurrei zuzendutako lehen lana du.