
Bilboko Udalak antolatuta, Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 29. edizioa ospatuko da maiatzaren 5etik 13ra.
Gaur, Campos Eliseos Antzokian egingo den gala batekin hasiko da edizio berria, eta bertan El fantástico caso del Gólem film luzea proiektatuko da. Ondoren, Sail Ofizialeko 11 euskal film laburrak proiektatuko dira.
Beldurrez beteriko aste bat pasatutakoan, maiatzaren 12an, FANTen itxiera ekitaldia egingo da BBK Aretoan, eta bertan FANTeko Izarra saria emango da, Zinemaldiko Sari Nagusia. Oraingo honetan, Belén Ruedarentzat izango da. Gala horretan, Quentin Dupieuxek zuzendutako Increíble, pero cierto filma pantailaratuko da. Zuzendari horrek Sail Ofizialean ere parte hartuko du Fumar provoca tos film luzearekin.
Emango den beste sari bat Fantrobia Saria da, eta kasu honetan, Carlota Peredak jasoko du, Cerdita thrillerraren zuzendariak. Film hori nazioarteko 300 jaialditan baino gehiagotan hautatua izan da eta 90 sari baino gehiago lortu ditu. Sari horiez gain, aurten Estatuko zinemako bi izen handiri emango zaizkien Ohorezko Fant sariak ere banatuko dira: Zorion Eguileor ibilbide luze-luzea duen euskal aktorea, eta Paco Plaza zuzendaria.
FANTen lehiaketako Sail Ofizialak aurten ere programazio anitza eta askotarikoa izango du. 17 film ikusiko dira, guztiak estreinaldiak Bilbon. Film Luze Onenari FANT 2023 Sariak (3.500 euro) eta Gidoi Onenari Ohorezko Sariak (Euskal Gidoilarien Elkarteak emandakoa) eta Zuzendaritza Berritzaileena (FAS Cineclub emandakoa) eskuratzeko aukera izango dute.
FANTen 29. edizioan film laburrek pisu handia izango dute programazioan, eta guztira 30 proposamen izango dira. Horrela, lau sari eskuratu ahal izango dituzte: Ikusleen Saria Film Labur Onenari (3.000 euro); Epaimahaiaren Sariak Nazioarteko Film Labur Onenari (3.000 euro); Sail Ofizialeko Euskal Film Labur Onenari (2.000 euro) eta Ikuspegi Fantastikoko Film Labur Onenari (1.500 euro).
FANT Laburrean nazioarteko Sail Ofizialean parte hartzen duten film laburrak maiatzaren 6an, ikusi ahal izango dira Azkuna Zentroko Auditorioan, 20:00etan.
Ikuspegi Fantastikoak, Dokufant sailak, eta beste emanaldi berezi batzuk osatuko dute aurtengo programazioa.
Informazio guztia: FANT