ESZENA

Bilboko hainbat auzotan eta irail osoan “Eszena Kalera” programa

Irailean Bilboko Udalak abian jarriko du Eszena Kalera programa, Bilboko zortzi barrutietako auzoetako plaza eta kale askotara antzerkiaren proposamenak hurbiltzeko. Hortaz, arte eszenikoak (zirkua, dantza, folklorea, pailazoak, haurrentzako dantzaldiak edo kale antzerkia) irailaren 1etik 30era bitartean sakabanatuko dira hirian zehar, 20 euskal konpainiek egingo dituzten obrekin.

Aurten nabarmendu behar da euskararen aldeko apustua, sei ikuskizun euskaraz izango dira eta. Horiez gain, bat elebiduna, bi gaztelaniaz eta hamabi testurik gabekoak izango dira. Irailaren 1ean hasi zen zirkuitu hori ¡Qué circo de Mujer! Ikuskizunarekin. Zirkuaren, antzerki absurduaren eta melodramaren munduari keinuak egiten dizkion ikuskizun familiarra da hori.

Eszena Kalera-ren programazioren barruan ez dira faltako Trapu Zaharrak, Santi Ugalde telebista-aktorearekin, ¡Dale Ramón! lan berria aurkeztuko duena Castaños, Txurdinaga eta Olabeaga auzoetan; Ganso & Cia taldearen Panoli kabareta Indautxu eta Uribarrin; edo Malas Compañías Zirko Taldea, konpainia gisa egindako ibilbideari amaiera emango diona, Zirkus ikuskizunaren azken emanaldiarekin, irailaren 23an, Errekaldeko plazan.

Dantza garaikidea ere izango da programazioan: Qabalum konpainien eskutik La medida que nos ha de dividir ikuskizuna eskainiko da, eta Ertzak Meeting point ikuskizuna.
Parte hartuko duten beste talde batzuk honako hauek dituzue: Ameztu Antzerkia eta Imaginaciones Nai, Aukeran Dantza Taldea, Dantzaka Zirko Espazioa, Erre Produkzioak, La Trapecionista Kia, Markeliñe, Trakamatraka, edota Zirkozaurre.

Ikuskizun eta konpainiei buruzko informazio guztia esteka honetan kontsultatu daiteke.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button