ARTEA

Artearekin jantzitako kaleak, eta Pop Art

Larunbatean, maiatzak 31, makina bat esku-hartze artistiko izango dira Bilbo Zahar, San Frantzisko eta Zabala kaleetan, 9:00etatik 15:00etara.

Hala, Mariaren Bihotza plazan graffiti zaleak izango dira; Bartzelonako Ruth Juan artistak murala egingo du; BilbaoArte zentroan aritzen den Grupo Xprex taldeak bere lanak aurkeztuko ditu Fleminmg Doktorea plazan: olioak, akuarelak, collage birziklatuak, bustina…

Cortes kalean, halaber, They found life on Earth erakusketa izango da; bertan, honako zazpi artisten lanak izango dira ikusgai: Iranzu Antona, Iago de la Fuente, Zuhar Iruretagoiena, Tom Richardson, Antonio R. Montesinos, Nils Mollenhauer eta Jørund Aase Falkenberg. Erakusketaren xedea inguruaren eta obren arteko fluxua sortzea da. Bertan argazkiak, eskulturak, material birziklatuak… daude.

Txalaparta eta flamenko uztartzen dituen ikuskizuna ere izango da, eta SC Gallery eta DK Muralismo-k partaidetza sustatu nahi duen murala egingo dute Bilbo Zaharreko plazan; 15 eta 35 urte bitarteko gazteek parte hartuko dute.
Azkenik, Suspiros en el Vertedero antzerki konpainiak body painting saioa egingo du Mariaren Bihotza plazan.

Port Art erakusketa ibiltaria

Beste aldetik, Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioak, Port Art erakusketa ibiltaria inauguratu du. Bilboko Portuaren historia, jarduera eta garrantzi ekonomikoa eta Portuak itsasadarraren ertzeko udalerriekin izan duen harremana gizarteari erakusteko xedez abiatu da erakusketa hau.

Erakusketa hau 20 oineko (sei metro luzeko) sei edukiontzitan banatuta dago, eta edukiontzi horien kanpoko zein barruko dekorazioa pop artisten lanean inspiratuta dago. Lehenengo edukiontzia Roy Lichtensteinen lanean girotuta dago; bigarrenak Jasper Johns artistaren ondarearen eragina du; hirugarrenak Frank Stella artista dakar gogora; laugarrena Andy Warholi eskainita dago; bosgarrenak James Rosenquist-en sorkuntza-lanen zertzeladak ditu, eta seigarrenak, Jackson Pollock-en estiloa du iturri.

Bilbon egun hauetan ikusi ahal dira (maiatzaren 27tik ekainaren 1era). Gero Barakaldora pasatuko da (ekainaren 4tik 8ra); ondoren, Erandiora (11tik 15era), Sestaora (18tik 22ra), Santurtzira (25etik 29ra), Leioara (uztailaren 2tik 6ra), Getxora (9tik 13ra), Portugaletera (16tik 20ra), eta, azkenik, Zierbenara (23tik 27ra).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button