Laster batean, Bilbo Zaharra Forumek Hitza eta Musika izeneko jardunaldiak abiatuko ditu. Bertan, era askotako artistak agertuko dira gaiaren inguruan berba egiten: komunikatzaile trebeak (Xabier Euzkitze), idazleak (Bernardo Atxaga), poetak (Iñaki Irazu, Felipe Juaristi), musikari peto-petoak (Joxan Goikoetxea, Angel Unzu), kantautoreak (Jabier Muguruza, Amaia Zubiria) eta hitzaren zein musikaren artisauak (Jean Mixel Bedaxagar, Anjel Valdes).
Hitza eta musika edo hitza eta kantak uztartuz ekitaldi barnerakoiak eta, batez ere, hurbilak landu ohi dituzte Bilbo Zaharra Forumen. Egitasmoak helburu zehatza du: hizlaria eta musikaria elkartu, eta harreman horretatik sortzen den giro bereziaz gozatzeko aukera eskaini.
Bilbo Zaharra Forumek 2010eko lehen hiruhilerako aurkezten duen egitaraua hauxe da: urriaren 25ean, 19:00etan, Xabier Euzkitze eta Joxan Goikoetxea bilduko dira; azaroaren 4an, 19:00etan, Jabier Muguruza eta Iñaki Irazuren txanda izango da; azaroaren 11n, 19:00etan, Jean Mixel Bedaxagar eta Anjel Valdes bikotea mintzakide izango dira eta azaroaren 18an, 19:00etan, Amaia Zubiria eta Felipe Juaristi elkartuko dira.
Azkenik, abenduaren 2an, 19:00etan, Erle Irakurlearen Saioa egingo du Bernardo Atxagak.
Bilbo Zaharra Forumek bidalita