IKUS-ENTZUN

“Orfeo Negro” eta “The Florida Project” filmak, BilbaoArten

Zinemaz gozatzeko aukera eskainiko digu datozen egunotan ere BilbaoArteko Art House Zinemako egitarau zabalak.

Hala, Marcel Camus zuzendari frantziarraren Orfeo Negro (Brasil/Frantzia/Italia, 1959) filma proiektatuko da bertsio originalean (portugeses) datorren ostiralean, abenduaren 20an. 19:00etan hasiko da emanaldia eta filmaren laburpenak honakoa dio: “Euridice ederra Rio de Janeirora iritsi da, inauteri ospetsuaren bezperan, eta hiriko fabela batean bizi den lehengusina batek hartuko du  etxean. Han, kale arteko eromenaren erdian, tranbia bat dago. Tranbiaren gidaria, Orfeo izeneko musikaria, bertako heroia da, bere abestien sedukzio botereaz, xarma berezia duena.  Hala ere, haren neska-lagun jeloskorraren susmoak eragina izango du harekin. Pasioa inauterietako trantze zoragarrian murgilduko da, eta, aldi berean, hondamendi bat ekarriko du. Orfeo mitoan bezala, bere musikarekin eta kantuarekin eguzkia altxarazteko gai izan arren, ez du bere maitasunik lortzen “.

Hurrengo emanaldia, Gabonak pasa ostean, urtarrilaren 8an izango da, Lehen asteazkeneko hitzordua proiekzio sailaren denboraldi berriari hasiera emanez. Filmazpitekin lankidetzan, euskarazko azpitituluekin, The Florida Project (AEB, 2017) Sean Baker zuzendariaren filma  proiektatuko da lehen saio honetan.

Filma honek, sei urteko Moonee azkarraren eta haren askotariko lagunen istorioa kontatuko digu. “Haurren uda-oporrak abenturaz eta bihurrikeriez beteta daude; inguruko helduek, aldiz, garai zailak bizi dituzte. Estatu Batuetan, bizileku iraunkorra ziurtatu ezin dutenentzat azken babesleku bihurtu dira motel merkeak. Gero eta gehiago dira behartsu ikusezin horiek, eta horietatik % 41 aterpea emango dien bizitoki bat izateko egunero borrokan ari diren familiek osatzen dute. Istorio hau Orlandoko aldirietan dago girotua; Orlando, planetako opor-hiriburu nagusia eta “munduko toki magikoenaren” etxea. Parke tematikoen eta turista guneen lurraldea zeharkatzen duen errepidearen luzera osoan, bere garaian Disneyren mistika ustiatuz turistak erakartzen zituzten motel merkeek etxerik gabeko familiak hartzen dituzte gaur egun. Halako batean bizi dira Moonee eta haren ama Halley, 22 urtekoa: zehazki, Magic Castle motelean”.

Informazio gehiagorako,  joan BilbaoArtek duen webgunera.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button