LITERATURA

Rafael Ugalde Blas de Otero Poesia Lehiaketaren irabazlea

Atzo banatu ziren Bilboko Udalak urtero deitzen dituen Blas de Otero Poesia Lehiaketaren X. edizioaren, Miguel de Unamuno Saiaketa Lehiaketaren XVIII. edizioaren eta Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren XXXIV. edizioren sariak.  

Poesia lehiaketari dagokionez, euskarazko modalitatean, Zornotzako Rafael Ugalde Iragorri poetak lortu du sari nagusia Hondar aleak lanarekin. Epaimahaiak nabarmendu du “poema-bilduma honetan, poetaren desio pertsonala argi eta garbi agertzen dela eta zehaztasun handiz marrazten dituela egunerokotasuna eta galdutakoa, ez dauden pertsonak, lagunak edo umezaroa. Gainera, baliabide poetikoen eta hizkuntzaren aberastasuna baloratu dituzte. Ugalde dozena erdi liburu argitaratu ditu. Gaztelaniazko modalitatean Raquel Ramírez de Arellano idazle madrildarra izan zen garaile La arquitectura de las colmenas poema-bildumarekin. Blas de Otero Poesia Lehiaketaren edizio honetan 510 lan aurkeztu dira, horietatik 15 euskaraz. Irabazle bakoitzak 5.500 euro jasoko ditu.

Miguel de Unamuno Saiaketa Lehiaketaren XVIII. edizioaren saridunak hauek izan dira: euskarazko kategorian, Asier Amezaga ikerlariak lortu du saria Inor ez delako profeta bere mendean, Gabriel Arestiren egunean lanarekin. Mario Martin Gijonek irabazi du gaztelaniazko kategorian, Un segundo destierro. La sombra de Unamuno en el exilio español izeneko lanarekin. Edizio honetan 96 lan aurkeztu dira, 89 gaztelaniaz eta 7 euskaraz.

Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren XXXIV. edizioan Amaia Lekunberri kazetariak irabazi du Ezkontza ipuinarekin. Amaia Lekunberri fotokazetaritan eta argazki dokumentalean espezializatutako kazetaria da eta ikerketa feministan eta generoaren arloko ikerketan aritzen da. Aritz Gorrotxategi Mujikak (Burua leihoan jarrita) eta Nerea Arrien Elordik (Matrioska) euskarazko ipuinen modalitatean accesit bana ere eskuratu dute. Azkenik, gaztelaniazko modalitatean Antonio Tocornal Blanco idazleari eman zaio saria Cundi Macundi kontakizunagatik. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button