
Datorren astelehenean hasita, apirilak 21, eta hurrengo larunbatera arte, hilak 26, Artedrama Arte Eszenikoen Plataformak eta Aulestiko herriak elkarlanean antolatutako Aulestiko Topaketak ospatuko dira. Dramaren hizkuntza unibertsalari euskal antzerkigintzak eman diezaiokeen begirada partikularra aurkitzeko une eta toki bihurtuko da Aulesti.
Eszenaren inguruko ekimen honek bi atal hartzen ditu bere gain: trebakuntzari dagokiona batetik eta programazioari dagokiona bestetik. Euskal antzerkirako eta bere ikerketarako antolatzen den laborategian, 14 ikaslez osatutako taldearekin irakasle lanetan harituko dira: Ander Lipus, Leire Ucha, Ximun Fuchs, Julia Marin eta Margarita Altolaguirre.
Itziar Rekalderen Bidaiek ez dute bueltarik ipuin kontaketak emango dio hasiera ekimenari. Asteartean, Oh my god taldearen Zer duzu Amy? ikusteko aukera egongo da. Asteazkenean, Dxusturi Teatroaren Konpota antzezlanaz gozatu ahal izango da, eta ostegunean, berriz, Metrokoadroka kolektiboaren Poza: zergatik dantzatzen dute bosniarrek lanaz.
Emanaldi hauek guztiak doan izango dira, Aulestiko udal aretoan, 21:00etan.
Ostiral eta larunbateko emanaldiak, aldiz, Karrika antzerki taldearen Lurra astinduz eta Artedrama, Dejabu Panpin Laborategia eta Le Petit Théâtre de Pain taldeek elkarlanean sortutako Hamlet antzezlana, herriko frontoian izango dira gaueko 22:00etan.
Informazio guztia hemen duzue.