ARTEA

"Arimaren Bila" ikuskizuna bihar Donostian

Joseba Irazokiren musikak, Ana Cabezasen irudiak, Antton Iturberen testuak osatzen dute ikuskizun hau. Azken honek adierazi digu zertan den egitasmoa: "Lan honen hazia Anaren argazkietan dago. Kotxez egindako bidaietan atera izan dituen argazkietan hain zuzen ere. Kameratik deskargatu eta ordenagailuko pantaila handian ikustean paisaia lurrintsu hariek niregan izan zuten eragina eta nire memorian utzitako marka sakonean.
Beranduago konturatu nintzen honetaz. Behin, trenean kaskoetan musika entzuten leihotik begira nindoala, Spiritualized-en Search for my soul kantuaren gospel tonuarekin batera, epifania baten moduan zerbaitek klik egin zuen nire barnean. Bapatean leihotik ikusten nituen paisaiek Anaren argazkiekin bat egiten zutela iruditu zitzaidan. Leihoaren beste aldean lurra bera edo nire irudimenaren isla zegoen eta aldi berean musika ipod-etik edo nire barnetik zetorren ez neukan esaterik. Doinu izpiritual haren babesean nire arimarekin kontaktuan ote nengoen? Gorputza, burua , musika, paisaia, lurra… denok bat egiten zutela, bereizterik ez zegoela iruditu zitzaidan eta arrapaladan galdera eta sentsazio hauez betetako testu bat idatzi nuen.
Anari testua erakutsi eta asko gustatu zitzaion. Argazkiak erakusteko bide bat izan zitekeela iruditu zitzaigun baina zerbait faltan botatzen genuen. Musikak testuan daukan garrantzia kontutan izanik, nolabait lanaren parte egin behar genuela erabaki genuen.

Artoartian-en bitartez ezagutzen genuen Joseba Irazoki. Aurretik Proyecto zero izeneko Dvd bat egin izan dugu Anaren argazkiak eta Artoartianeko musikaz konbinatuz eta Josebaren gitarrak dituen pasarteak hoberen funtzionatzen dutenetakoak direla beti pentsatu izan dugu, beraz berari proposatu genion proiektuan parte hartzea.
Ilusio handiz jaso genuen bere adostasuna eta proposatutako lehen pieza. Ikutu txiki batzuk emanez bertsio pare bat landu zituen eta oso azkar adostu genuen Arimaren bila-rako musika perfektua zela.
Ikuskizun honetan Josebak musika joko du, nik testua irakurtzen dudan bitartean, Anaren argazkiak proiektatuko ditugu, denak bat egiteko eta zentzua izateko.

Ana Cabezas pintorea eta argazkilaria da eta erakusketak egin ditu Urretxu-Zumarragan eta Beasainen. Ordiziarra da eta Urretxun bizi da. Beno, ezkonduta gaude eta Urretxun bizi gara biok. Ni Urretxun jaioa naiz, musikazale amorratua eta Entzun! aldizkarirako testuak egiten ditut tarteka."

Joseba Irazoki musikariak proiektu askotan hartzen du parte. Kutsu esperimentaleko lanetan aritzen da batez ere eta adibidez On benito taldean. Bakarkako lana ere kaleratu du: Euria ari du. Joseba Irazoki hainbat urtetan hamaika musikarirekin aritu ondoren, tartean, Xabier Montoia, Bide Ertzean eta Pettirekin. Horrez gain, estudioko eta zuzeneko musikari gisa ere aritzen da, tartean, Petti, Atom Rhumba eta Rafa Ruedarekin.

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button