IKUS-ENTZUN

Iratxe Fresneda zuzendariaren azken lana ikusgai Zinebi jaialdian

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak Iratxe Fresneda zinemagilearen Tetuán izeneko hirugarren film luzea aurkeztuko du bihar, hilak 16, 20:00etan, BBK Aretoan, Bertoko Begiradak sailaren barruan.

Irrintziaren oihartzunak (2016) eta Lurralde hotzak (2018) lanen ondoren, Tetuán lanak honako hau kontatu nahi du: “alaba batek aitaren iraganaz sentitzen duen jakinminak gidatuta, berregiteko eta bilatzeko bidaia bati ekingo dio, benetakoa eta zinematografikoa, iragana eta oraina kontuan hartuta. Tetuan, Almeria eta bere basamortua, Madrilgo kaleak, Pirinioak, Euskadiko txokoak eta Danubio ibaiaren ertzean dagoen Errumaniako herri txiki bat izango dira bidaia honen lekuko”.

Bilbon izango da estreinaldia Gijongo-FICX Nazioarteko Jaialdiarekin batera, izan ere, Zinebik hitzarmen bat sinatu du aurten zinemaldi horrekin orain arte izandako harreman onak sendotzeko. Eta akordio horri esker ere, Zinebin estreinatuko da See You Friday, Robinson, iazko Berlinaleko “Encounters” sailean Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen filma, non Jean-Luc Godard zinemagilea agertzen den azken aldiz.

Azkenik aipatu behar da ekoizle latinoamerikar garrantzitsuenetakoa den Diana Bustamante kolonbiarraren lehenengo lana, Nuestra película, non kolonbiar belaunaldi oso baten memoria islatzen den. Diana Bustamantek Golem Alhondiga zinemetan aurkeztuko du bere filma, asteazkenean, 20:00etan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button