LITERATURA

Bihar “Kristalezko begi bat” lana irakurriko da etenik gabe, Arriagan

Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat eleberria izango du protagonista aurten, Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatzen duen Klasikoen Irakurketa Etenik Gabearen XVI. edizioak. Bilbo Zaharra euskaltegiak, gainera, 50. urteurrena eta ikasturtearen amaiera ospatuko ditu ekitaldi horrekin. Ekimenaren antolatzaileek adierazi duten moduan, lan horren hautaketaren helburua da, besteak beste, “gaur egun lehen lerroan ari diren emakumezko guztiak omentzea, literaturako ahots eta begirada berriak jasotzea eta klasikoetatik orainera zubia eraikitzea.”

Hala, ekainaren 8an, osteguna, 08:00etatik 14:00etara, Kristalezko begi bat liburuaren irakurketa egingo dute ehunka euskaltzalek, eta euskal gizartearen arlo guztietako jendeak parte hartuko du: kultura- eta gizarte-eragileak, ikasleak, irakasleak, erakunde guztietako ordezkariak, elkarteetako kideak, etab. Tarteka, Bilboko institutuetako ikasleak, diasporako kideak eta munduko 50 euskal etxeetako euskara ikasleak irakurtzen agertzen diren bideoak proiektatuko dira.

Kristalezko begi bat 2013an argitaratu zen. Eleberria autofikzioa generoan kokatzen dute adituek. Narrazio honetan “antzeman egiten dugu emakume izatearen kontzientzia eta gainontzeko emakumeekiko konplizitatea. Izan ere, Kristalezko begi bat euskarazko literaturaren feminizazioa deitu denaren adibide ona da, azken aldiko euskal kulturaren fenomeno garrantzitsuenetako bat.”

Betiko legez hautaturiko liburuaren egileak irakurriko du lehen pasartea. Hortaz, Miren Agur Meabek berak irakurriko ditu lehenengo lerroak Arriagan, goizeko 08:00etan, ekimenari hasiera emanez, eta ondoren, beste 200 bat pertsonak hartuko dute parte etenik gabeko irakurketan. Arriaga plazan pantaila erraldoi bat jarriko da eta bertatik jarraitu ahal izango da zuzenean etengabeko irakurraldia, baita EITBren webgunetik ere. Bestalde, Zazpi Kaleetako eta Abandoko Metro Geltokietan aurreko edizioetako argazki eta kartelez osatutako erakusketa egongo da ikusgai egunotan.

Kristalezko begi bat hautaketarekin, euskal literaturaren egungo belaunaldiari egiten zaio aitortza, iaz Martutene obrarekin aurreko belaunaldiari egin zitzaion bezala.  Aurreko urteetan, Axularren Gero, Mogelen Peru Abarca, Jon Miranderen Haur besoetakoa, Saizarbitoriaren Hamaika pauso, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox, Bernardo Atxagaren Obabakoak, Gabriel Arestiren Harri eta herri, Sarrionandiaren Narrazioa Guztiak, Franz Kafkaren Metamorfosia, Itxaro Bordaren %100 Basque, Txomin Agirreren Kresala, Anjel Lertxundiren Otto Pette, Mariasun Landaren Ipuinak eta Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae irakurri ziren.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button