
Txapelpunkek Betty Rockanroll diskoa (Baga-Biga) plazaratu du punk estiloko kanta biziekin. Txapelpunk taldearen zortzigarren diskoak izena eta deiturak ditu, Betty Rockanroll. Beti punk eta beti punk-rock. Melodiak alde guztietan. Leloak gainezka.
Txapelpunk taldeak (Lekeitio, 1999) hemezortzi urte daramatza agertokietan eta atzean Iñigito Arrasate egon da. Txikitandik musikaria izan da eta beti punk zalea. Musikarik gabe ezin du bizi. Egunero kantuak datozkio burura, egunero lelo eta melodien zurrunbiloan abesti biribilaren atzetik. Istorio bitxiak kontatzeko letra bakoitzean. Txapelpunk du bihotzean Betty Rockanroll-ek, bere alter egoa.
Txapelpunk taldearen zortzigarren diskoa Axular Arizmendik grabatu du 2016ko abenduan eta 2017ko urtarrilean Mutrikuko AME estudioetan. Masterizazioa Estaniz Elorzak egin du Donostiako Doctor Master estudioan. We are gara abestian ETS taldeko Iñigo Etxezarretak, Ruben Campiñunek eta Floren Nuelak ahotsak sartu dituzte, Ruben Terrerosek tronpeta jo du eta Javier Lucasek tronboia. Jai honetara abestian Gotzon Batikonek trikitia jo du eta Manuk (16 V) musugitarra.
Kantu bakoitzean punk aireak, lelo sarkorrak, sentimendu distira eta bihotza bor-bor egiten. Emaitza Txapelpunk da eta Betty Rockanroll diskoan du bere mundua.