ARTEA

Kontenplazioa eta gizakiaren edertasun metafisikoa

Koldo Etxebarria artistak kontenplazio eta gizakiaren edertasun metafisikoaren gaineko erakusketa paratu du Gernikako aretoan, El silencio del ser (Izakiaren isiltasuna) titulupean.

Koldo Etxebarria arte ederretan lizentziatua da eta ETBren sail artistikoaren barruan egiten du lan. Bere lanak burutzeko azken generazioko teknologiak erabiltzen ditu. Arterako 3D estiloko aplikazioan ere aditua da eta arte eta teknologiarekiko hainbat kongresutan eta jaialditan parte hartu du.
Iñaki Zuazo (EHUko Arte Ederretako doktorea) eta Rafael Redondo (idazle eta Zen maisua) adituekin arte eta ekialdeko filosofiaren arteko harremana ikertzen ari da.

Hala, bere ikerketa plastikoan antzeman daiteke horrelako planteamendu metafisikoa, Chirico, Rothko eta Oteiza bezalako artistek urratutako bidean, ekialdeko egiturak eta bestelako bide metafisikoak xurgatzen dituena.

Bere lanen gakoak gizakiaren dimentsio sakonena bilatzen du, ez zentzumenekin ikus daitekeena, baizik eta horren guztiaren atze aldean dagoena. Gizakiak badu erreminta bat barruko estetika horretan murgiltzeko eta horixe da begirada kontenplatiboa.
Artistak horixe bilatzen du, kasurako, bere lanei ekin baino lehen.

Bere lanetan, isiltasunezko espazioak, arkitekturek zedarrituak, gizairudia biltzen eta babesten dute lasaitasunezko atmosfera batean, non hiriko espazioak blaitzen dituzten argitasunak eta koloreak gizakia eta inguruaren arteko armonia sortzen duten.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button