
Baik, Bizkaiko Antzerki Ikastegiak, Barakaldo Antzokian hainbat antzezkizun estreinatuz hasiko da bere hamabosgarren urteurrena ospatzen. Hala, bihar, otsailak 4, BAIko Txotxongilo Laborategiak, William Shakespeareren Hamlet bertsio eguneratua aurkeztuko du.
Hamabost urte dira jada antzerki eta artearen inguruko heziketa baten beharrizanari erantzunez BAI, Bizkaiko Antzerki Ikastegia sortu zela.
Ordutik gaur arte adin guztietako 2000 pertsona baino gehiagok izan dute eszenara hurbiltzeko aukera maila desberdinetan, besteak beste esgrima, akrobazia, kantua, dantza, txotxongiloak, flamenkoa, ikerketa, idazketa, antzezpena, bat-batekotasuna, klowna, joko dramatikoa…
Ikasketak amaitzerakoan sortutako hogei antzezlan baino gehiago estreinatu dira euskal antzokietan, baita Granada, Sevilla, Holanda, Eskozia, Ingalaterra, Belgika, Txekiar errepublika, Kosovo edo Serbian ere.
Nazioarte mailan ACT, Eszena Sortzaile Berrien Jaialdia antolatzen dute eta India, Australia, Polonia, Holanda edo Erresuma Batuko zentroekin egindako elkarlan eta bekek formakuntza unibertsal, garaikide eta kalitatezkoa ekarri dute hona.
Orain, 15. urteurrena ospatzeko, BAIk aurten, hainbat ikuskizun berri estreinatuko ditu. Goian aipaturikoaz gain, otsailaren 17an, 20:00etan Barakaldo Antzokia, Maite Agirrek zuzendutako ¿Es Yd. También D. Quijote? Lana ikusteko aukera ere egongo da.



