Gaur aurkeztu da Danserie ensemble. Bernart Etxepare, 1545 (Pamiela) disko-liburua. Antzinako poeta garai hartako musikarekin horniturik dator oraingoan.
Pamiela argitaletxeak kontu interesgarri honi buruzko datu zehatzak eman dizkigu: “Koldo Azkonak, Bernart Etxepare, 1545 proiektuaren zuzendariak, denboraldi luzea eman du Nafarroako Errege Artxibo Nagusian ikertzen, XVI. mendeko dokumentuetan Bernart Etxepare aurkitu nahirik. Bilaketa ez da erraza izan, baina azkeneko emaitza, ordea, ederra izan da. Hauek dira aurkitutako dokumentu nagusiak: XIV. eta XV. mendeetako erreferentzia batzuk idazlearen arbasoei buruz; Etxeparek 1518ko auzi batean egindako deklarazioak artxiboan duen kokapen fisikoa; Espainiako erregeordearen 1521eko gutun argitaragabe bat (Peio Monteano historialariaren laguntzarekin aurkitua), lehendik ezaguna zen beste baten jarraipena; enperadorearen aginduz Etxeparek kobratu behar zuen zerga baten men-egitearen deskribapena; eta, agian deigarriena, Etxepareren semearen ezkontza 1537an. Hala da, aita izan zen gure Etxepare apaiza…
Euskarazko lehen liburuko poesiak eta Koldo Azkonak egindako aurkikuntzak, Danserie ensemblek garaiko musikaz kantatu ditu oraingo honetan.