Lekuz Leku dantza-jaialdia egingo da Bilboko Abandoibarran, ekainaren 26an eta 27an. Ekimenaren xedea honakoa da: “Dantza garaikidearen hizkera mota guztiak ikusle guztiengana hurreratzea, hiri guneetara koreografia-lanak eramanda”. Aurtengoa XI. edizioa izango da.
Abandoibarrako pasealekuan zehar, hamaika dantza-ikuskizun ikusteko parada izango da; pieza laburrak izango dira. “Hiriaren eta Dantzaren arteko topaketa osatzen du, hiriko ikusleen eta ekintza koreografikoaren artean”.
Horrekin batera, tailerrak ere izango dira: “CaminoAcieloAbierto, dantza sorkuntzarako jolas bat da, parte hartu nahi duen ororentzako irekia: amateurrak, eskolak, konpainiak… Estatu osoan ematen da aldi berean”.
Bideolanak ere izango dira ikusgai. Hala, La Fundicion aretoan, Akram Khan koreografoaren Desert Dance lanaren aurrestreinaldia egingo da. “Akram Khan-en estiloa harrigarria da benetan, oso modu naturalean nahasten baititu dantza garaikidearen oinarriak eta Indiako Kathak dantzaren antzinako ezaugarriak”.
Informazio gehiago: lekuzleku.com.