
Musika beltza ardatz duen hitzordu handia irailaren 7, 8 eta 9an izango da Iruñean, eta bertan, Eli “Paperboy” Reed estatubatuarra eta J.P. Bimeni burundarra izango dira Beltza Weekend jaialdiaren V. edizioaren buru. Baina horiez gain, The Ready Mades Parisko taldea, The Four Breakers Santanderko laukotea, Akatz bilbotarrak eta The Titanians iruindarrak ere arituko dira.
Hasteko, gaur, hilaren 7an, The Titanians Iruñeko taldea izango duzue Rockcollection aretoan. Oktanaje altuko roots-reggaea zabalduko du. Eli “Paperboy” Reed eta J.P. Bimeni musikariekin batera The Ready Mades Parisko beat&soul taldea eta The Four Breakers, soul elektrikoa jorratzen duen Santanderko laukotea arituko dira. Aipatutako lau talde hauek Zentral aretoan irailaren 8an, ostirala, eta 9an, larunbata, egingo diren kontzertuetako protagonistak izango dira.
Eta ska eta reggae doinuak ekarriko dituen Akatz talde bilbotarra arituko da zuzeneko fidagarri, dibertigarri batekin, hilaren 9an, Zaldi Zurian egingo den eguerdiko bermut saioan.
Atal musikala osatzeko, makina bat festa izango dira Iruñeko hainbat lokaletan, musika beltzeko DJ onenen eskutik.



