
Gaur, hilak 25, Barakaldo Antzokian, eta ATX Teatroaren eskutik, musika eta dantza txirikordatzen dituen Marmarra pieza ikusteko abagunea izango da. Jon Gerediaga idazlearen testua da obraren oinarria. Oholtza gainean, Sandra Fdz. Agirre, Mirian K. Martxante, Aitor Etxarte, Aiora Sedano, Alazne Astorga eta Estibaliz Villa aritzen dira Garazi Etxaburu dantzariarekin batera.
“Beldurrak gobernatu egiten gaitu. Beste edozein animalia bezala, biziraupenerako diseinatuta dagoen estimulu primitibo horren menpe gaude. Hamleten pasarte ospetsu hartan esaten zenez: beldurragatik ihes egiten dugu, beldurragatik erasotzen dugu, beldurragatik gorrotatzen dugu, maite egiten dugu, aurrera egiten dugu… eta atzera ere egiten dugu. Milaka urteko bilakaeraren ostean, oraindik ere ez dugu beldurra kudeatzen ikasi.
Jendartearen ahots, desira eta ametsen artean, marmar beldurgarri baten mehatxua ailegatzen zaigu, oharkabean piztuz eta handituz doa gure bihotzetan izenik gabeko ezinegon bat. Gure erantzuna bizitzaren aldeko garrasi mingarria da, maite dugun guztiaren aldeko aldarri basatia.”



