ESZENA

Teatro egunak Errenteriako Mikelazulo Elkartean

Mikelazulo kultur elkarteak Eztena teatro egunak ekimena antolatu du bihartik igandera bitartean Errenterian. Antzerkilarien eta antzerkizaleen arteko topagune izan nahi du. Hiru egunetan hainbat formatuko ekitaldiak egongo dira: pieza laburren erakustaldia, kale ekintza kolektiboak, emanaldiak, eta mahai-inguruak. Aurtengoa ekimenaren hirugarren edizioa izango da.

“Aurtengo Eztena jaialdia antzerki proposamen finez beteta dator. Gure errealitate poliedrikoaren ispilu ederrak, mugiarazten duten antzerki-ziztadak. Klown, bufori eta komediantez inguratuta egongo gara batez ere aurten, barre egiteko beharra ere badugulako!  Gora algararen iraultza!”.

Hala, bihar, 19:00etan, sortze bidean dauden lanak aurkeztuko dituzte Piezak izenburupean: Zutani (Erika Olaizola), Por qué te vas (Patricia Franco/Espe Lopez), Arra Arraroa (Iñigo Ortega/Oier Guillan), Recuerdos (Judith Poves) eta Izarretako Bitakora (Mikel Martinez) piezak.

Etzi, berriz, 12:00etan, herriko kaleetan inprobisatutako kale ekintza performatiboa egingo dute. Geroago, 18:00etan, Edurne Agirrezabalak sortu eta antzezturiko Sarean zintzilikatua obra ikusi ahal izango da Xenpelar Etxean. Larunbateko egitaraua amaitzeko, 20:00etan, Mikelazulon, Los Pardos klown antzezlana izango da Que par che konpainiaren eskutik.

Igandeari dagokionez, 10:30ean, gosari-tertulia egingo dute Mikelazulon eta Hamaika aktore autore bila gaia jorratuko dute. Bertan honako hauek izango dira: Arantxa Iturbe kazetari eta antzerki idazlea, Borja Ruiz antzerki sortzailea (Gaitzerdi-Kabia) eta Pablo Barrio idazlea eta Manex Fuch, Le petit theatre de pain taldeko kidea.

Bazkari orduan, gainera, 14:00ak bueltan, Ander Lipusek, Sustrai Colinak eta Unai Elizasuk Erregea eta Bufoia antzezlan hibrido eta umoretsua antzeztuko dute; bazkaltzeko aukera ere izango.

Informazio gehiago hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button