MUSIKA

Txapelpunk bueltan da, “Punkaren semeak” diskoarekin

Txapelpunkek Punkaren semeak izenburuko lana argitaratu berri du; oraingoan, hirukote formatuan aritu da Iñigito musikari lekeitiarraren punk-rock taldea: “Atrofik bigarren diskotik baxua jotzen du eta Tokik urteak daramatza Iñigitoren ondoan bateria astintzen”.

Punkaren semeak 2015eko urrian grabatu du Iñigito Txapelpunkek Mutrikuko AME estudioan, Axular Arizmendi teknikariaren gidaritzapean. Masterizazioa, berriz, Estanis Elorzak egin du Doctor Master estudioan (Donostia). Diseinu eta argazkiez Aitortxu arduratu da.

Diskoak punketik eta rocketik edaten duten sei doinu biltzen ditu. Baga Biga diskoetxearen arabera, “sei abesti laburretan Txapelpunk taldeak bizitzaren kaleak zeharkatuko ditu eta esango digu zein modu nazkagarrira daramagun geure bizitza askotan, edo garamatzaten”.

Txapelpunkek 1999an egin zuen estreinako kontzertua, eta bere lehen disko homonimoa gor diskoetxeak plazaratu zuen urtebete geroago. Punkaren semeak taldearen zazpigarrena lana da.

Talde lekeitiarrak, ostiralean, abenduak 4, Oñatin eta Durangon aurkeztuko ditu lana berriko sei kantuak. Gero, abenduaren 18an, Anoetan izango da; 2016ko urtarrilaren 22an, Laudion eta otsailaren 2an, Donostian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button