ARTEA

BAFFEST Argazkilarien Lehiaketa abian da

Barakaldoko BAFFEST Emakumen Argazkilarien jaialdiaren edizio berria hasi da, eta orain, lehiaketaren deialdia estatu osora zabaldu da. Horretarako xehetasun guztiak Madrilen eman dituzte antolatzaileek.

Han egin den aurkezpenean Apegos feroces (Atxikimendu gupidagabeak) erakusketa ere zabaldu da, Tania Barrenetxearena, BAFFEST 2022 Lehiaketako euskal irabazlearena, Carmen Dalmau komisarioa duena. Erakusketa han bisitatu ahalko da doan, martxoaren 31ra arte.

Egilearen esanetan, erakusketa “dardara batetik sortu da. Denbora luzean lehenengoz iraganera begiratzera bultzatzen nauen pitzadura batetik. Proiektua gorpuzten hasi zenean, nire oroitzapenak gela itxiak ziren. Orduan, bilaketari eta asimilazio sakonari ekin nien. Txatal lausoetatik abiatuta, oroitzapenak bilbatzen hasi nintzen, nire historia berreraikitzen eta nire esperientziatik haratago doazen zama eta doluen sarea ehuntzen. Argazkilaritza baliatuz, nire nortasunaren eraikuntzaz eta, oharkabean, inguruneak, atxikimendu-sistemek eta norberaren nahiz familiaren zauriek nire gorputzean eta nire bizitzaren kontakizunean izan duten eraginaz jabetu naiz”. Proiektua irudiz eta testu poetiko laburrez osatuta dago.

BAFFESTen helburua da argazkilaritza, arte-adierazpen gisa ulertuta, herritar guztiengana hurbiltzea, eguneroko esparru erkideetan ipinitako argazkien bidez, artea eta kultura, berdintasuna eta bizikidetza sustatzeko xedez.
Aurtengo edizioan, BAFFESTek “aurrez aurrekotasuna azpimarratu nahi du, estatu mailan argazkilaritzaren arloan lan egiten duten argazkilarien eta eragileen arteko loturak sor daitezen, bide horretan bitarteko eta ahalegin gehiago inbertituz.”

Hortaz, deialdia Espainiako estatuan bizi diren emakume argazkilari eta ikus-artistentzat da, eta zeinahi argazkilaritza-diziplina, -gai edo -teknika baliagarria da, irudiak hartzean eta horiek erabiliz sorkuntza lantzean dautzan argazkigintza-molde guztietara zabalik dagoela.
Lehiaketaren oinarriak jaialdiaren webgunean argitaratuta daude.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button