ESZENA

“Mierda de ciudad” edo Euskal Rock Erradikalaren historia

Euskal Rock Erradikalaren historia protagonista izango da bihar, Arriaga Antzokian, Mierda de ciudad obrari esker. Olatz Gorrotxategik sortu eta zuzendu du, eta berak ere interpretatzen du, Aritza Rodriguez eta Marta Álvarez del Vallerekin batera.

Piezak Euskal Rock Erradikalaren historiaz, 80ko eta 90eko hamarkadetan mugimendu hura sortu zeneko testuinguru guztiaz, eta Euskal Herrian borroka politiko eta sozial ugariak zeuden garaiaz hitz egiteko beta luzatuko du.

Antzezlanean garai hartako hainbat talderen musika agertzen da, eta eszenan ere objektuen antzerkia erabiltzen da, garaiko gertakari historiko batzuk kontatzeko figuratxoak erabiliz, adibidez. Hortaz, lanaren gauzarik interesgarriena bere eszenaratzea da, Euskal Herriari buruzko dokumental yankiekin, Mendebaldeko filmen zatiekin eta La Polla Records, Eskorbuto, Parabellun, Las Vulpess, R.I.P. eta Mocedades-en zenbait dokumenturekin, besteak beste. Garai hartako kontuak ere tartean daude: “Demokraziaren etorrera, hiru koloreko telebistatik technicolera igarotzea, etxeetan ezkutatutako ikurrinak, heroina, Otanen aurkako manifestazioak, Lemoizko zentral nuklearraren aurkako edo Bardeako tiro eremuaren aurkako mobilizazioak, Gladys del Estalen hilketa, Yoyesena, lehen Teleberria, abortuaren aurkako lehen sumarioa, etab.”
Eta horrekin batera, nola ez, lehen kontzertua, lehen garagardoa edo kontzientzia politikoa piztea….. Beraz esan daiteke, Gorrotxategik antzerki dokumentua eta memoria historikoa uztartzen dituen lana sortu duela.

“Pentsamenduaren etsipenari eta borroka kolektiboei buruzko istorioa da. Zaldia. Zaldi-talde bat, trostan urruntzen. Belaunaldi baten amaiera. Polizia asko, dibertimendu gutxi. Porrota. Amerikako Estatu Batuetako erreserbak. Punkaren gotorlekuak. Biak erresistentzia bihurtuta. Zeruertza. Nire atzetik datorren jendea. Kolonizatzeko dagoen zelai zabal bat, nire atzean. Gaur. Da. Etorkizuna. La Polla Recordsek abesten zuen.”

Olatz Gorrotxategi (Bilbo, 1982) aktorea, antzerkigilea, irakaslea eta ACT Nazioarteko Jaialdiaren koordinatzailea da. Hainbat lan idatzi eta zuzendu ditu, besteak beste, Coordenadas, 2016ko Donostia Kulturako Dramaturgia Berriek aukeratua, eta 43º 13 «44» N, Bilbaoeszenako egoitza artistiko bati esker.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button