MUSIKA

Surfin Kaos taldeak laugarren lana plazaratu du

Surfin Kaos Koldo Soret (gitarra eta ahotsa), Ibon Etxebeste (bateria) eta Dabid Gil (baxua) musikariek osatzen dute, eta kaleratu berri duten Goizalde Surrealistak izeneko lana euren laugarren grabazioa da. Hala, 2002 urtean lan homonimoa plazaratu zuten; 2005ean Bizzionbizzi, eta bi urte beranduago Tryphyllon.

Lan berri hau Donostiako Egia auzoko Le Bukowski taberna ezagunean grabatu zuten iazko abuztu eta iraila bitartean. Otsailean berriz, nahasketak eta masterizazioa egin zituzten Andoaingo Garate estudioetan Martxel eta Kaki Arkarazorekin.

Hirukote gipuzkoarrak orain arte egin duen lanik lasaiena eta freskoena omen da. Hala ere, rock'n'roll talde irmoa izanda, ziur zuzenekoetan ohiko energia erakutsiko duela. Halaber, nabarmendu behar da lan honetan rock'n'roll estiloaren baitan dauden beste esparru musikal batzuetako eraginak ere gehitu dituztela, tartean, psikodelia, surfa, edo soul-a Esaidazu kantua kasu.

 

 

Grabazioan, gainera, hirukoak laguntzaile andana izan du, hala nola, Alvaro Turrionek hammonda jo du; Xabi Señor No-k armonika; Ana eta Ina, Munlet taldeko kideak, theremina. Bi doinuren hitzak, halaber, Walter Agirre eta Urko Aranburuk egin dituzte.

Plazaratu berri duten lan honetako kantu berriak entzuteko parada izango da gaur Bilboko Kafe Antzokian. Gipuzkoarrak Sexty Sexter boskotearekin arituko dira 21:30etatik aurrera.

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button