
Aurtengo Laburbirak, euskarazko film laburren zirkuito ibiltariak, 30 herri bisitatuko ditu bere XIX edizioan. Guztira 9 film labur eskainiko ditu bere programazioan. Film sorta hori ikusgai izango da otsailaren 25etik apirilaren 4ra bitartean.
Zirkuitu horretan, Iban del Campo arrasatearraren Serendipia lana ikusi ahalko da, bai eta iazko Kameratoia rallyko lan irabazlea: Itasoaren mugimendua. Beste filmak honakoak dituzue: Lanbroa (Paula Iglesias); Falta zaizuna (Jose Luis Lopez); Hurrengo geltokia (Naia Aizpurua); Rewing (Amaia San Sebastian); Turnoka (Aitor Alberdi); Subandilla (Josu Martinez); eta Itsaso (Sergio Martinez).
Laburbira zirkuitoa Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen du, ikus-entzunezkoen sorkuntzari bultzada emateko xedez. Horretaz gain, Benito Ansola Saria, Durangoko Azokako Irudienea gunea, Demasa lehiaketa eta Kameratoia ekimenak ere sustatzen ditu.
Diogun moduan, aste honetan hasiko da zirkuitoa, otsailaren 25ean, Areatzan, Zertu Kultur Elkartea, 19:30ean.
Filmen gaineko xehetasun guztiak Laburbirak dauzka.



