
Loraldiarekin elkarlanean, Iruñeko Udalak Iruñaldia jaialdia antolatu du azaroaren 5etik 14ra hirian. Ekimenaren helburua euskarazko kultura garaikideari protagonismoa ematea da, eta herritarrei euskarazko sorkuntzen aniztasuna eta kalitatea gerturatzea, tradizioaren eta abangoardiaren arteko elkarrizketa sortuz.
Aurtengo jaialdiak hamar hitzordu ondu ditu publiko orokorrarentzat (musika, dantza, antzerkia, literatura, bertsolaritza eta performance artistikoa), Pompelo Civivoxean eta Kondestable Civivoxean, Udaletxe plazan, Gayarre antzokian, Laban, Katakraken, Geltokin, Karrikirin, Nafarroako Antzerki Eskolan eta Euskalerria Irratian garatuko direnak. Gainera dantzak, gastronomiak, umorezko bakarrizketak eta kontzertuak ere protagonismoa izango dute, beti ere, artista gazteen eta erreferentziazko sortzaileen eskutik.
Bihar bertan, azaroak 5, DJ festa antolatu da Iker Oiz, Martintxo Etxauri Txo eta Adriana Urmenetrekin. Datozen egunotan, Irati Jimenez, Ane Lindane, Marie de Jongh taldea, Gotzon Barandiaran, Olatz Salvador, Alaia Martin, Nogen, Kresala Dantza Taldea, Maddi Oihenart eta Juantxo Zeberio arituko dira Iruñaldian.
Egun guztietako programazioa, hemen.



