
Itziar Otegik idatzita eta Irati Retolazaren ilustrazioek aberastuta kaleratu du Alberdania argitaletxeak Izarren hautsaren erabilera berriak lana. Narrazio sortaren gai nagusia da nola ari den aldatzen lanarekin dugun harremana, eta zer-nolako eragina duen horrek gugan.
“Igogailu batean harrapatuta, lau gazte ezezagunek -irudigile bat, ikertzaile bat, itzultzaile bat eta oposiziogile bat- euren bizitzaren zama eta akidura partekatu behar dituzte, eraikin adimendun baten bihotzean gertatzen den itzalaldi orokor baten erdian. Kanpoan, mundua kolapsatzen ari da; barruan, denbora gelditu eta eguneroko errendimenduaren presioak, lanaren zentzugabetasunak eta gizabanako bakoitzaren akats txikiek argiune misteriotsu bat pizten dute: izarren hautsaren inguruko kezka”.
Fikzio zientifikoaren, satira teknopolitikoaren eta mito klasikoen berrirakurketaren arteko obra honek galdera bat uzten du airean: zer gertatzen da gizakiaren akatsak ez direnean ahultasun, baizik eta erresistentziaren iturri? Eta zer gertatzen da sua -sormenaren, harremanaren, bizitzaren sua- lapurtu nahi digutenean?
Izarren hautsaren erabilera berriak liburua lanaren, teknologiaren eta gizakiaren nekea ulertzeko esperimentu literario ausarta da: igogailu batean hasten da, baina mundu osoa astintzen du.



