LITERATURA

Euskaltzaindiak R. M. Azkue omenduko du datozen asteetan

Azaroaren 9an, 75 urte beteko dira Resurreccion Maria Azkue (Lekeitio, 1864 – Bilbo, 1951) hizkuntzalari lekeitiarra zendu zenetik, eta bere lana eta bizitza gogoratzeko egitarau zabala antolatu du Euskaltzaindiak.

Resurreccion Maria Azkue alderdi askotako gizona izan zen: irakaslea, musikaria, apaiza, kazetaria, intelektuala eta folklorista.
Bere figura gogoan hartzeko egitarau ederra antolatu da. Azaroaren 7an, larunbatarekin, edozenbat herritarrek parte hartuko dute Azkuek idatzitako testuen pasarteak irakurtzen, Lekeitioko Nautika plazan.
Azaroaren 9an, Azkue hil zen egunaren 75. urtemugan, Azkueren bizitza eta lan nagusiak biltzen dituen erakusketa abiatuko da (urtarrilaren 10a arte egongo da ikusgai) Bilboko Euskal Museoan, arratsaldeko 19:30ean.
Azaroaren 14an, Azkueren Cancionero Popular Vasco edo Euskal Kantutegi Herrikoia oinarritzat hartuta, Bilboko Koral Elkarteko eta Lekeitioko abesbatzako gazteen sailek musika emanaldia eskainiko dute Euskal Museoaren klaustroan, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.
Azaroaren 21ean, 12:00etan, Resurreccion Maria Azkueri buruzko hitzaldi mamitsua eskainiko du Jabier Kaltzakorta euskaltzain osoak, Lekeitioko Azkue aretoan.
Azaroaren 27an, saio bikoitza egingo dute euskaltzainek Euskal Museoan. Alde batetik, 10:00etan, Akademiaren osoko bilkura egingo da, eta 12:00etan, Azkueren inguruko ageriko bilkura. Bigarren horretan, Bilboko Txistularien Bandak parte hartuko du. Abenduaren 19an, Resurreccion Maria Azkueri buruzko hitzaldia emango du Andres Urrutia euskaltzainburuak Lekeitioko Azkue aretoan. Eta hitzaldi horren ostean Sabiño Madariagak eta Gotzon Loberak Sustraia aldizkariaren berrargitalpena aurkeztuko dute leku berean. Sustraia aldizkariaren lehen alea 1978an kaleratu zen Lekeition eta bertan aipatzen da Azkue, baina 1984an ale monografikoa argitaratu zen Azkueren omenez edo gorazarrez (49. zenbakia) eta material hori da, hain zuzen, berrikusi eta aberastu dena. Arratsaldeko 20:00etan, Bilboko Koral Elkarteak eta Lekeitioko abesbatzak Bilbon emandako kontzertuaren erreplika emango dute Lekeitioko Andre Mariaren Jasokundearen basilikan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button