IKUS-ENTZUN

Asier Altunak eta FASek “Bertsolari” aurkeztuko dute Pre-Zinebin

Asier Altuna zuzendariak eta Gaizka Bourgeaud argazki-zuzendariak Bertsolari filma aurkeztuko dute bihar, azaroak 12, Bilboko Campos Antzokiko Kupula Aretoan FAS zineklubaren laguntzarekin. Proiekzioa Pre-Zinebi egitarauaren baitan dago. Horretaz gain, zuzendari bergararrak 2010ean filmatutako Artalde film laburra ikusteko aukera ere izango da.

Altunaren hitzetan, “Bertsolari txapelketako finalera joaten nintzenean hunkitu egiten nintzen. Beraz, bertsolariei buruzko film bat egin eta ikusleak hunkitzea lortuko banu, ahalegina egitea mereziko lukeela pentsatu nuen. Hori izan zen nire erronka eta horregatik erabaki nuen filma egitea.

Bertsolaritzak atsegin ditudan hainbat gauza ditu. Masako ikuskizunen aurkakoa da, baina estadioak betetzeko, ikusleak hunkiarazteko, barre eta negar eginarazteko gaitasuna du, hitzek eta isiluneak soilik baliatuta. Ikuskizun sinplea da, apaingarririk gabea, biluzia eta isila.

Gaiak berak lagundu digu estimulu moduan filma sortzeko prozesuetan. Asko gozatu dugu inprobisatzen, gidoia filma egin ahala idazten, lehenik amaiera pentsatzen –bertsolariek egiten duten bezala–, bertsoen egitura eta pelikularena alderatzen, isiluneekin eta biluztasunarekin jokatzen, bertigoarekin. Baina batez ere intuizioak gidatu gaitu. Nora iritsiko ginatekeen oso ondo jakin gabe, prozesuarekin gozatu dugu, eta bukatu dugunean izugarrizko poza sentitu dugu.

Film hau egitea oso garrantzitsua izan da niretzat, pelikularekin batera hazi bainaiz ni ere. Mikrofono baten aurrean jarri eta bihotz-bihotzez kantatu dudala sentitzen dut”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button