ESZENA

Asteburu honetan estreinatuko da “Non dira haurrak?” obra

Tartean Teatroa euskal konpainia ezagunarekin batera ekoiztu du BBK Salak Non dira haurrak? obra. Lana irailaren 28an eta 29an estreinatuko da euskaraz, eta urriaren 4an, 5ean eta 6an gaztelaniaz, Bilboko Kale Nagusiko aretoan.
Jokin Oregik idatzi du gertaera latz batekin (8 urteko neskato baten suizidio saiakera) hasten den lana. Helduei zuzendutako obra honetan “psikologora joaten hasi den 8 urteko Maddiren kasuak agerian uzten ditu gure gizartearen ahulezia eta antsietate gehiegizkoak”.

Piezako aktoreak Iraia Elías (euskaraz), Sandra Ferrús (gaztelaniaz), Getari Etxegarai, Javier Barandiaran, Iñigo Aranburu, Ruth Guimerà eta Irene Zarrabeitia izango dira. Antzezpen honetarako BBK Sala aldatu egingo dute, eta bere edukiera (110 pertsona) funtzio bakoitzeko mugatuko da. Gainera, besaulki-patioko zati bat eszenatokiak ere hartuko du.

Musika beste atal nagusi bat izango da, eta Adrián García de los Ojosen jatorrizko musika entzun ahalko da. Bilboko Koral Elkarteko haur abesbatzak pieza hornituko du, eta “bere ahotsekin babestuko du kontakizunaren gainetik doan baina eszenan ikusten ez dugun haurren presentzia”.
Miren Agur Meabe idazle eta poetak propio sortutako letrekin osatu dira hainbat kanta.

Lan horrek gizarte “hautsi, krudel eta depresiboa” erradiografiatzen du, haurren osasun mentalaren egungo problematikatik abiatuta.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button