Irailaren 5etik 15era Boga Boga festibalak makina bat kontzertu eskainiko ditu Donostian, hirian musikaren inguruko esperientzia berezia eskaintzeko asmoz. Guztira 20 talde berri baino gehiago bildu dira egitarau zabal batean.
Adibidez Mudhoney, Gorka Urbizu, Lisabö, Melenas, Sara Zozaya, Los Sara Fontan eta Ithaka taldeek irailaren 6an eta 7an joko dute Gazteszenan eta Chillida-Lekun.
Kursaalek, XXV. urteurrenean, Terrazetako doako programazioa eskainiko du eta The Wave Pictures, Bonny Doon, Pipiolas, Bederatzi Ezezagun, Teo Lucadamo, Pinpilinpussies, Nize, Toc, Tatta & Denso taldeen emanaldiak hartuko ditu irailaren 14an eta 15ean.
Horiez gain, Dabadaba aretoak Tengger edo Molly nazioarteko taldeen kontzertuak eta gau elektronikoak eskainiko ditu Safety Trance, Dalila, Giiovaaz artistekin.
Atzo hasita, eta gaur, Dabadaban egingo da Musika jaialdi baten sorkuntza eta ekoizpena eta lurralde bateko ekonomian eta kultur sarean duen eragina izeneko EHUko Udako Ikastaroa. Bertan Amaia Ispizua, Nando Cruz, Joan Vich, Arkaitz Villar eta Álvaro Fernández izango dira hizlariak.
Atzo abiatu zen Festibalaren bigarren edizioa Kutxa Fundazioa Klubean, Andrea Buenavistaren emanaldiarekin. Kutxa Fundazioarekin lankidetzan, rockaren eta folklore hispanoamerikarraren arteko musika eskaini zuen donostiar musikariak. Geroago, Mark Duti eta Tengger aritu ziren Dabadaba aretoan.