ESZENA

“ZAA!21” , Zestoako Antzerki Astea martxan

Zestoako Antzerki Astea, ZAA!21, ekainaren 28tik uztailaren 4ra bitartean egingo da, eta guztira, bost antzezlan ikusteko aukera egongo da.

Gaur, ekainak 28, 20:00etan, Caravan Park-en, Lesakako Mairu Antzerki Tailerraren Iluntzen lana ikusteko parada egongo da. “Ibai baten ertzean dagoen herri batean bizi dira Erramun Joakin, Mari Pili, Shepherd Jauna eta Cristobal Erraldoia. Kezkaturik daude herria husten ari delako; jendez gutxitzen…garai batean aberatsa izandako lekua iluntzen ari da. Nola eragotzi herria itzaltzea? Nola biziraun?”

Ekainaren 29, 30 eta uztailaren 1ean, Eromen Produkzioakek (Zestoako Arte Eszenikoen Eskola) Guateke antzezlana eskainiko du. Iñigo Dierezen testua da eta Amancay Gaztañagak zuzendu du pieza. “Ongi etorriak izan zaitezte gure festa erraldoira! Bete sabelak, busti eztarriak eta mugitu zuen eskeletoak munduaren amaiera balitz bezala! Beste guztia….gure kontu! Zer gertatuko litzateke munduaren amaierak festa batean harrapatuko bagintu?”

Uztailaren 2an, Artedramak Atzerrian Lurra Garratz obra ezaguna eskainiko du. “Posible al da gurea ez den lur batean sustraitzea? Posible, familia eta aberriaren zama gainean dugula, hegaldi propioari ekitea?”

Uztailaren 3an, Fadoak entzuten zituen gizona lan arrakastatsua egingo du Xake Produkzioak kolektiboak. Istorioa ezagutzen duzue: “Mikel kamioilaria da, eta lan kontu batengatik lisboara bidean doa. Bidean, Ander izeneko mutil bat jasoko du. Ander Huelvako Ayamonte herrira doa fado lehiaketa amateur batean parte hartzera. Kasualitateak kasualitate, Anderrek eta Mikelek lehenagotik ezagutzen dute elkar, baina urteak dira ez dutela elkarren berri izan”.

Azken egunean, uztailak 4, Gaztetxoen Antzerkia taldeak Santiaga izeneko obra eskainiko du. “Bizitza aldatu zaio Santiagari. gurasoak galdu ditu eta amonarekin bizi da. Lagunekin arazoak ditu eta ez du bere lekua topatzen. Amonak bakarrik dakien sekretu bat dauka, baina ezin izango du sekretu honek dakarren guztia kontrolatu eta dena hankaz gora jarriko du. Nola kontrolatu zure menpe ez dagoen hori?”

Egitarau osoa hemen kontsultatu ahal duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button