ARTEA

“ARTgia”, arte garaikidearentzako habia

Irantzu Lekue artistak ARTgia aretoa inauguratu berri du Gasteizen, “arte garaikideak leku propioa izan dezan”; Jose Lejarreta kalean dago sormenerako espazio berria.

Lekue urtebetez aritu da lanean helburu jakin batekin:  “sortzeko baldintzak bultzatzea, toki katalizatzaile bat izatea, trukeak, elkarrizketak eta esperimentazioa eragiteko, sormena oinarri eta sorkuntza garaikidea xede”.

Artistaren kezkak bideratzeko tokia da ARTgia, baina baita taldeen ideiak gauzatzeko ere, izan ere, guneak uztarketa sustatzen du. “Proposamen artistikoen hibridazioa aktiboki sustatzeko gunea, norbanakoen proposamenena, baina baita kolektiboena ere, hainbat arlotatik. Ekoizpen artistikorako ez ezik, jendartearen eta herritarren ekoizpenerako tresna izango dena”.

Sorkuntza artistikoa kudeatzeko eta antolatzeko bestelako ereduetan sakontzearen alde agertu da Lekue, eta ARTgia horretarako bitartekoa izango da, partaidetza eta elkarlana baliatuz. “Sortzeko, antolatzeko eta jendartearen eta ekintza artistikoaren arteko harremanetarako bestelako formulak bilatzen ditu”.

Horrekin batera, hiriak zeukan premia bati ere erantzuten dio. “Gasteizek kultur sorkuntzarako horrelako lekua behar zuela erakusten digutelako egunotan jasotako proposamenek”.

Beraz, ARTgia dagoeneko martxan da, eta agenda ere ontzen ari da: “Eider Bernaolaren proiektua, ekainaren 9ra arte; Baigorrin Etxauzia Jauregian Lekue garatzen ari den Arnasa 01 sailaren aurkezpena, ekainaren 14an aurkeztuko dena; eta Belen Nevadok burutuko dituen mikro-antzerkiak, ekainerako antolatu direnak”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button